“ Ez ditugu estatuak aliatzen, pertsonak batzen ditugu” 1952 urtean , Jean Monnet 

        

Jean Monnet katedrak Jean Monnet Ekintzen (http://ec.europa.eu/education/opportunities/jean-monnet/index_en.htm) tresnetako bat dira eta Erasmus + 2014-2020 Programan biltzen dira. Haien helburu nagusia Europako gaiei buruzko ikasketak eta ikerketak sustatzea da, Europako integrazioari buruzko gogoeta piztuta eta mundu akademikoaren eta gizartearen arteko harremana bultzatuta. Ondorioz, Europako integrazioari buruzko ikasketetan espezializazio handia duten irakasleei ematen zaizkie.

2014ko uztailean, Europako Batzordeak (EACEA: http://eacea.ec.europa.eu/index_en.php) Jean Monnet katedra bat eman zion Euskal Herriko Unibertsitateari (UPV/EHU), eta haren titular Juan Ignacio Ugartemendia Eceizabarrena irakaslea izendatu zuen. Katedra-proiektua Erasmus + programak eta UPV/EHUk finantzatzen dute batera, eta «EBren oinarrizko eskubideen babes judiziala askatasun, segurtasun eta justizia eremuan» gaiari dago eskainita [The judicial protection of the fundamental rights in the Area of Freedom, Security and Justice (AFSJ)] (Erref.: 553187-EPP-1-2014-1-ES-EPPJMO-CHAIR).

Katedra horrekin haren titularra Konstituzio Zuzenbidearen eta Europar Batasuneko Zuzenbidearen arloan garatzen ari den ikerketa-ildoko jarduerak indartu nahi dira. Horiek guztiak graduko irakaskuntzan eta graduondokoan gauzatzen ditu titularrak, azken aukera hori berak zuzentzen duen EBko integrazio politikoari eta ekonomikoari buruzko unibertsitate masterraren bitartez, baita doktorego tesiak zuzenduta ere. Era berean, katedra hori jasotzeak aukera emango dio bere titularrari duela hainbat urte garatzen ari den EBrekin loturiko ikastaroak, jardunaldiak eta mintegiak antolatzeko jarduera areagotzeko. Helburuak honako hauek dira: ikasketa-jarduerak irekitzea eta abian direnak zabaltzea, interesa duen jende gehiagorengana iristea, haren bikaintasun-maila handitzea, mundu profesionalaren eta ikerketa-munduaren arteko sinergia-aukera gehiago ahalbidetzea, trebakuntza- eta ikerketa-jarduera horiek sustatzea eta garatzea teknologia berriak erabilita, berrikuntza sustatuta, eta ikasle, ikertzaile eta profesional gehiago erakarrita jakintza handiago eta kualifikatuago baterantz.

Esparru horretan hainbat jarduera akademiko eta irakaskuntzako jarduera proposatu dira (aurrez aurrekoak eta Internet bidezkoak) prestakuntza hori artikulatzeko eta, oro har, EBren ikusgarritasuna, eta zehazkiago, oinarrizko eskubideekin bat eginik askatasun, segurtasun eta justizia eremuaren eraikuntzarena biderkatzen laguntzeko, arlo horretan dauden arazoei eta gabeziei buruzko eztabaida kritiko eta onuragarria sustatuta. Proposaturiko jardueretako asko online izateak haiek gehiago zabaltzea ahalbidetuko du, zalantzarik gabe, baita lortu nahi diren helburuek eragin gehiago izatea ere.

Juan Ignacio Ugartemendia Zuzenbide Konstituzionaleko eta Europar Batasuneko Zuzenbideko irakasle titularra da EHUn, eta katedratiko izateko akreditazioa du. Gai horiei buruz lan ugari argitaratu ditu eta hainbat proiektu eta ikerketa-talde finantzatutan parte hartu du. Era berean, UPV/EHUko EBko integrazio politikoari eta batasun ekonomikoari buruzko unibertsitate-masterraren zuzendaria da, baita izen bereko eta unibertsitate bereko doktorego-programakoa ere. Katedraren titularrak, gainera, hainbat irakaslerekin batera lan egingo du –haietako batzuk ere Jean Monnet katedraren jabe dira–; elkarren arteko lankidetza oso ohikoa izan da bai ikerketa-proiektuetan bai irakaskuntzakoetan.